XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kattalin sorginaren ikasketa eta amodioak

Haurtzaroa

Txikia nintzenetik esaten zuen amonak ni ez nintzela ama bezalakoa, ezta izeba Klarisa eta izeba Ana bezalakoa ere.

Geroago, amonarekin bakarrik geratu nintzenean baserri zahar handian, sorgin txiki hori esaten zidan askotan amonak.

Amona emakume arraroa zen nire lagunen ustez, baina niri ez zitzaidan hori iruditzen eta gustora bizi nintzen berarekin, falta ziren ama, izeba Klarisa eta izeba Anaren hutsunea sentiturik ere.

Soul-aren bideetan (Institutuan)

Historia, biologia, filosofia, geografia, trigonometria... Azterketa garaia institutuan, eta nire pentsamenduak, ikasgaietan ez beste leku guztietan; nire ideiak musikaren erritmoan, zineko ametsen munduan eraikiak nire ilusioak...

Zenbat eta gehiago ikasi, hainbat eta gutxiago nekiela konturatu nintzen, hau da, ez nekiela ezertxo ere historiaz, biologiaz, filosofiaz edo geografiaz.

Eta abesti hark dioen bezala, nekien gauza bakarra, zu maite zintudala, eta zuk maite izango baninduzu, ai zeinen zoragarria izango litzatekeen mundua...! (What a wonderful world it should be, la-la-la-la...)

Filmeak zuri-beltzean egiten zituzten garaietako soul taldeek nire bihotzaren erritmoan abesten zuten liburutegi isilean.

Eta akorde goxo haiek, leihoetako kristaletan irristatzen ziren euri tantekin nahasten ziren arratsaldearen ordu geldietan...

Testuliburuak zelulen mundua erakusten zidan kolorez betea, izaki bizidun ororen konplexutasunean barneraraziz; atlas zaharrean planeta borobilek beren orbita zirkular edo eliptikoak marrazten zituzten, ageriko mundua ezkutuko misterioz betea adieraziz; trigonometriako liburu lodiek, zenbakiek sorturiko irudiak azaltzen zizkidaten, matematikaren arauak hiruki, erronbo eta plano elkarzutetan konkretatuz; eta nik, berriz, soul-aren bideetan biltzen nituen denak liburutegian ikusten zintudan bakoitzean...

Liburutegiko neska pizpirinari galderak egiten ikusten zintudanean ere, soul-aren melodia tristea entzuten nuen.

Eta abesti zaharrak zioenean ez dakit askorik historiaz..., pentsatzen nuen zera, historiaz nekien bakarra, behin zuk esplikatu zenidan hura zela; eta ez dakit askorik biologiaz..., ez, nik ere ez nekiela ezer askorik, nire zelulek zureen arnasa behar zutela besterik; ez dakit askorik geografiaz..., zure mugimenduarekin inguruko espazioa nola eraldatzen zen baino ez...

Eta horrela, egunez-egun, astez-aste, hilabetez-hilabete, biologia geografiarekin nahasten zitzaidan, historia, trigonometriaren oinarriekin...

Eta denen bideek zuregana neramaten idatzi gabeko lege eta printzipioen eskutik.

Arima galdua nintzen zelulen eta zenbakien unibertsoan, eta soilik zure ondoan hartzen zuten zentzua Jakintzaren hitzek.

Nahiz eta zu jabetu ez... Eta gero baserrira iristean amonak esaten zidan lasai egoteko, noizbait izango zintudala nirekin.

Ziurtasunez egiten zuen irribarre, baina nik soul-aren akorde malenkoniatsuak entzuten nituen bakarrik...

Sakonki (Unibertsitatean)

Ezingo gara salbatu, zetorkidan burura arratsaldeko ordu lasai haietan.

Plutonioa eta beste elementu erradiaktiboak, lurra, urak eta kate trofikoa kutsatzen ari ziren, gure zeluletan mutazioak eraginez. Ez, ezin inolaz ere salbatu.

Basoak zuhaitzik gabe, ozeano urdinak petrolio beltzez zipriztinduak, ozono geruza zuloz beteta... Ezinezkoa zen irtenbide bat egotea..

Liburutegi handian Jakintza gordetzen zuten entziklopedi eta aldizkariek.

Horiegandik jakin nuen ez ginela salbatuko, eta geurea zela erru guztia.

Baina udazken hasiera hartan, Gasteizko parkeak zoragarri zeuden.

Eta fakultate aurreko bidean hego-aizeak hara eta hona zerabiltzan hosto horiak.

Leiho irekietatik sartzen zen haize samurrak aurpegiko azala ukitzen zidan, bizitzeko gogoa ernarazten.

Azken zuhaitza mozten dugunean, azken mendia txikitzen dugunean, azken arraina hiltzen denean, konturatuko omen gara dirua ezin dela jan.

Hori dio indioen esaera zahar batek; eta imajina nitzakeen indioak, beraien luma eta guzti, suaren inguruan ideiak hausnartzen. Eta gu, berriz, lanpetuegiak ezer hausnartzeko...

Baina udazkena zen, eta fakultateko leihotik begiratzean, beheko eserleku gorrian eserita ikusi zintudan.

Zure ile beltza, gauaren misterio guztien kolorekoa; zure begi nabarrak, eztizkoak; zure ezpainak, inoiz ezagutu ez nituenak. Zure zeozer, urdailean urduritasuna sortzen zidana, tximeletak hegan bihotzean.

Ez omen genuen irtenbiderik. Galduta omen geunden.

Segundu batean milaka zatitan egin omen genezakeen eztanda.

Eta hala ere, hego-aizea zainetan barna sartzen zitzaidan udazken hasiera hartan...

Inoiz baino ahulago eta galduago aurkitzen ginen Unibertsoan, eta ez genekien Jainkorik zen edo ez. Eta hala ere, zuri begira nengoen, zugan pentsatzen nengoen, izadiaren amaieraren erdian...

Udaberria Aek-n (Urte sabatikoa)

A zer nolako ametsa gau hartakoa, amatxo maitea...! Batzuetan ametsetan euskaltegira joatea mesederako ere badela, bai... Batez ere irakasleak ikasteko gogoa baino zeozer gehixeago sortzen badu...

Eta nire ametsetan azaldu zenak gaua bezalako ilea zuen, eta zure izena.

Eta zure izena izateaz gain, begi berberak, ezpain berberak, berbera, hitz egitean begiratzen zidan modua.

Eta noski, euskara irakasteaz gain, muxutxuek ere eman zizkidan. Zer nolako muxutxoak, gainera...! Nire ezpainak bereekin elkartzean, substantzia kimikoak eta txinpartak sortzen ziren.